Gure historia
Casa Cámara 1884az geroztik bizirik dagoen historia handiko lekua da, duela 140 urte jada.
Hementxe, historiaren mokadu txiki batzuk proposatzen dizkizugu.
Atik Zra kontatuko dizugu:
Armagnac
Casa Cámarako klasiko batez hasiko gara: Armagnac izozkia. Errezeta klasiko bat, gure lurraldean ohikoa ez den konbinazio batekin. Gurera datorren frantziar bezeroaren gehiengoa izozki honen zale agertzen da eta lehenengo aldiz probatzen duenak... errepikatzen du, noski.
Batelerak
XVI. mendetik, gutxienez, idatzirik iritsi zaizkigun lekukotasunak diotenez jakin badakigu Errenteria, Lezo eta Pasai Donibaneko emakumeak atoi lanetan ibiltzen zirela, badiaren alde batetik bestera bidaiari eta merkantzien garraioan.
Lope Martínez de Isasti lezoar historiagileak 1625. urtean, Pasaiako portuaz idaztean honela dio: «Leku honek beti izan eta ditu gizonezko itxurako emakumeak, itsas ekaitzen beldurrik gabe txalupak atoiatzera doazenak eta Ternuatik edota beste lekuren batetik datozen errege flotaren galeoiak eta beste batzuek ere portuan sartzen dituztenak, marinelik ezean eta hauek itsas bidaietan dabiltzan bitartean, esfortzu handiz arraun eginez gizonezkoak bailiran».
Batelerek, Victor Hugo ere konkistatu zuten, eta literato erromantikoaren obraren pasarte batzuk inspiratu zituzten, munduan ezagutzera emanez.
Cámara
Cámara jatetxearen jatorria aspaldikoa da, 1850ean Pablo Cámara Pasai Donibaneko udaletxean idazkari lanetara etorri zen. Etxea, XVII. mendeko eraikina berau, Egino jaunari erosi zion. Gaur egun jangela betetzen duen gune hori herriko arrantzaleek ekartzen zuten arrainaren deskargarako erabiltzen zen, eta salmentarako eraikin edota arrain etxabea, jatetxearen egungo sarreraren aurrean kokatua zegoen. Arrain deskarga herriko beste lekura aldatu zenean, Pablo Cámarak gaur egun jangelaren erdigunean dagoen haztegia eraiki zuen eta itsaski eta arrainez osatutako otordu eta askari zerbitzuak ematen hasi zen. Pixkanaka eremu hura estaltzen hasi zen, lehenik aihen-belar soil batez eta karpaz beranduxeago. 1884 urtea zen, Casa Cámararen sorrera.
Donibane
Pasai Donibanek magia berezia du. Uretik hain hurbil, Jaizkibel mendiaren magaletik ateratzen den egundoko arkitektura batez osatua, zama historiko sendokoa eta era berean lantegi, arrain-ontzi eta garabiaz beteriko beste Pasaien aparteko begiratokia. Pasai Donibanek bere entitateari eusten jakin izan dio, XVII eta XVIII. mendeetan itsas ontzi handiek merkantzia deskargatzen zuten Santiago Plazako etxeek esate baterako, azken hiru mendeetan zehar gutxi aldatu dute beraien itxura.
Pasai Donibaneko kale bakarra zeharkatzen duten bisitariak gure gastronomiaz gozatzera datoz eta Victor Hugo 1843an bizitu zen etxea ikustera. Gaur egun etxe hau museo txiki bat da, Pasaiaz honakoa esan zuenaren memoriaz egina: “Ezagutarazi gabeko txoko hau nik ikusi dudan txokorik ederrenetakoa da eta turista bakar batek bisitatzen ez duena; itsas eta lur eremu xume hau Suitzan balego ederretsia izango litzateke, Italian balego aldiz ospetsua, baina Gipuzkoan dagoenez ezezaguna da. Ni menturaz iritsi naizen Eden txiki honetara...”.
Everest
Eta Donibanetik Everestera goaz, zeren eta bitxia dirudien arren Casa Cámaran prestatutako janariak dastatu ahal izan zituzten zortzi mila metrotik gora dagoen Everesteko hego mendebaleko horman. Janari guztia prestatu ondoren Casa Cámaratik Azkue Kontserba Fabrikara eraman zen, ardura handiz ontziratu ahal izateko. Sagarmatha espedizioko euskal alpinistak otordu desberdinez gozatu ahal izan zuten hala nola, oilaskoa barrengorriekin saltsan, makarroiak ganbekin, edota txahal-gisatua patata eta ilarrekin. Janari goxo haiek beste herrialdeetako alpinisten gutizia desiratuan bilakatuz. Argazkian Pablo Camararen birbiloba den Felipe Uriarte Camara ikus daiteke, Everesteko espedizio hartako partaide eta ideiaren sortzailea.
Familiartekoa
1884an Pablo Camarak jatetxea sortu zuenetik jatetxea beti Cámara familiaren eskuetan egon ohia da. Egungoa, laugarren belaunaldia delarik familiaren negozioa zuzentzen duena. Sarritan, gogora arazten digute gure bezeroek familiarteko izaera hori, batez ere duela 40, 50 edota 60 urte ospatutako otordu eta familiarteko ospakizunetako pasadizoak oroitzean eta hainbeste urteren buruan oraindik leku eta mahai berean egoteak sortzen dien ilusioak.
Gastronomia
Gure gastronomiaren tradizioak eta Pasaiaren marinel izaerak egiten dute arraina eta itsaskia izatea gure menu kartaren berezitasuna. Jakirik nabarmenenak honokoak direlarik; txangurroa labean, legatz kokotxak saltsa berdean, itsaski parrilada, txirlak marinel erara, txipiroiak bere tintan, legatza saltsa berdean edota bisigu errea. Aipamen berezia merezi du otarrainak, Casa Cámararen historian ezinbesteko erakargarritasuna izan baitu honek. Aurrerago hitz egingo dugu horretaz...
Hurbila
Sukaldaritza hurbila, zintzoa eta xumea eskaintzen saiatzen gara beti, kalitatezko bertako produktuetan oinarrituta eta Gipuzkoako tradizio gastronomikoarekin bat datorrena. Ez diogu uko egiten errezeta batzuk berrasmatzeari, edo berri batzuk sortzeari. Baina esentzia galdu gabe, sukaldaritza hurbila benetako sukaldaritza baita.
Itsaskiak
Kalitatezko lehengaiak eta denboraldiko osagaiak dira gure sukaldaritzaren oinarria, eta horien artean, batez ere, itsaskiak. Bertako produktuekin lan egitea eta gure lehengaien jatorria ezagutzea gustatzen zaigu, eta garrantzia ematen diogu ekoizpen prozesuari, hasiera-hasieratik. Produktu baten kalitatea zaintzeko egiten den ahaleginaren atzean dauden pertsonak balioesten ditugu.
Leku bakoitzeko sukaldaritzak bere nortasun propioa eduki behar duela deritzogu, eta horrela, kanpotik datorren jendeak zerbait berria eta benetakoa dastatu ahal izango du. Eta hemengoa dena berriz, bere etxean bezala sentituko da.
Jaizkibel
Pasaia portu naturala da, Ulia eta Jaizkibel mendien arteko fiordoa. Kostaren kokapena dela eta bere irudia itsas zabaletik eta hurbileko kosta lapurtarretatik ikus daiteke. Kantabriar kostako mendirik garaiena da Jaizkibel eta Europako itsas hurbilekoen artean altuera handienetakoa. Hondarribiko Guadalupetik abiatuz, Jaizkibel mendiko itsaslabarretatik barrena ibilaldia zoragarria da. Milioika urtetan moldatutako itsaslabarrek eta hareharriek galdu behar ez den ikuskizuna eskaintzen dute.
Konstantzia
Pasai Donibaneko musika banda, 1818an sortua, Euskal Herriko bandarik zaharrena da. Sekula ez da izan hain izen iragarlerik: “La Constancia” edo “Konstantzia” euskaraz diogun bezala.
XIX. mende bukaeran diotenez, bandako musikari gehienak arrantzaleak omen ziren eta bakoitzak bere musika-tresna eramaten omen zuen itsasoak uzten zien tartetxoetan entseatzeko. Badirudi partituren euskarri gisa aurrean zegoen hurbileneko marinelaren sorbalda erabiltzen zutela atril moduan. Irudi honek iradoki zuen gaur egun oraindik ospatzen den Sanjuandar arrantzaleen Danborrada.
Langosta
Langosta, edo, euskara jatorragoan, otarraina. Jangelaren erdigunean haztegi naturala edukitzean otarraina izan da Casa Cámarako protagonista. Bai egosia edota plantxan erreta, edo bestela, amerikar saltsa gozoan apailatua antzina Valentina Alegriak egiten zuen gisa.
“Sud-Oest” egunkari frantziarrak artikulu bat argitaratu zuen non Casa Cámaran soilki otarraina jatearen errituaz mintzatzen zen: “Bezeroak otarraina eskatzen duenean, jangelaren erdigunean dagoen haztegira hurbiltzen da zerbitzarietakoren bat eta antigoaleko txirriken bidez otarrain kutxa igotzen du. Kutxa barandan kokatzen du eta horrela, bazkaltiarrak berak jango duen pieza bereiziko du. Historiaurreko animalia hauen itsas sakonetik egindako agerpen harrigarria tentaldi eutsiezina da. Gero, otarrainen kutxa berriro ondora itzultzen da, itsasora itzultzen da... Otarraina eta bere errituak etenik gabeko otorduaren parte dira. Pasaiako portuan Casa Cámara denboraz at dago”.
Mampaso
Manuel Mampaso Bueno (1924-2001), berrogeita hamarreko abangoardiako margolari aitzindaria izan zen. Errealista, espresionismoa eta abstraktuen margolaria, kartelgile, eszenografo eta marrazkilari handia, artista ikaragarria hitzaren zentzu osoan. A Coruñan jaioa, beranduago bere familiarekin Madrilera joan zen bizitzera, bere bizitzaren zati handi bat han bizi izan zuelarik. Baina denboraldi luzeak bizi izan zituen Pasai Donibanen, Casa Cámara ondoan zegoen etxean. Hori dela eta, bere koadro bat dago Casa Cámara familiako mahai buruan. Oraindik bistan dauden Talavera de la Reinatik ekarritako lehengo azulekoek dekoratzen zuten jangelako bodegoiko protagonista otarraina da. Otarrain bat da protagonista margo honetan, eta ondoan, jatetxeko jangela apaindu zuten Talavera de la Reinako azulejuak ikus daitezke.
Nostalgia
Badira horrelako argazkiak nolabaiteko nostalgia sorrarazten dutenak, badira urruneko haurtzaroa gogorarazten duten zaporeak, badira pertsonak inoiz gehiago itzuliko ez diren iragan denborak hobesten dituztenak.
Pasai Donibanen denbora ez dela gelditu pentsatzea gustatzen zaigu... baina batzuetan beste leku batzuetan baino pixka bat mantsoago doala ematen du.
Ñam Ñam
Urdaiazpiko kroketak, itsaski krema, arrain zopa, legatza plantxan, itsaski parrilada, merenge postrea krema eta marrubiekin...
Bizimodu eta irudi gastronomikoan espezializatutako Vincent Crown argazkilaria, besteak beste Ferran Adrià, Andoni Aduriz, Joan Roca eta Quique Dacosta sukaldariekin lan egin duenak, bere emaztearekin batera bisitatu gintuen.
Herriaz eta janariaz gozatu zuen eta eskerronez bisitaren argazki batzuk oparitu zizkigun.
Eskerrik asko Vincent!
On egin!
Otordu onaren desira adierazteko euskarazko esamoldea da. On dagizula! Bon appétit! Eet smakelijk! Bon profit! Buon appetito!...
Euskal Herrian, gure ohitura gastronomikoaren garrantziagatik, ikasi eta esan beharko litzatekeen lehen esamoldeetako bat da.
Eskerrik asko eta on egin!
Postrea
Casa Cámaran konplexurik gabeko otordu bat amaitzeko modurik onena etxeko postre aukeraketarekin gozatzea da: Armagnac izozkia, esneki frijitua, ahia, intxaur eta magurdi opila, torradak, txokolate moussa, marrubi eta krema merengea, errezil-sagar pudina...
“Q” kalitatearen alde
Normalki, kalitateak norbere onena eskaintzen duten aditu profesionalez inguraturik egotea esan nahi du. Kasu honetan gainera, Casa Cámararen tradizioa eta historiari ohore egitea da. 1884an Pablo Camararekin hasi eta lau belaunaldiek gaur eguneraino ekarri duten historia.
Erabilitako lehengaien kalitateak eta Casa Cámarako zapore garbiak gipuzkoar sukaldaritzaren klasikoan bilakatu dute.
Robert Mitchum
Robert Mitchumek bere ospeari ohore egin zion Casa Cámara bisitatu zuenean. “Berarekin iskanbila iritsi zen” zuen izenburua Vincente Minnellik zuzendu eta Mitchum protagonista zuen pelikulak. Bisita haren kronikak ere izenburu bera eraman zezakeen hautatutako menua aski berezia izan zelako: Chinchon bi kopakada, txipiroi frijituak, bainila bavaroise zati txiki bat eta ... beste hiru Chinchon kopakada!
Sinadura liburuan utzitako eskaintza are bereziagoa izan zen: “Barka nazazue nire konpainiarengatik, nik ezin ditut nire lagunak aukeratu baina zuen abegikortasunez gozatu ahal izan dut” sinatu zuen Robert Mitchumek.
San Juan, 79
Pasai Donibanera iritsitakoan ez duzu galbiderik, Casa Cámara aurkituko duzu San Juan kaleko 79. Zenbakian, edo Donibane kalean, herria alde batetik bestera zeharkatzen duen kale bakarra. Galtzada-harrizko kale horrek, herria zeharkatzeaz gain, etxe batzuk ere zeharkatzen ditu, horrela pasabide ikusgarriak sortuz eta Pasai Donibaneri xarma berezia eskainiz. Casa Cámara bisitatzearen esperientziaren zati berezi bat da Jauretxeen eta arrantzale etxeen artean ibiltzea.
Traineruak
Prentsan Casa Cámarari buruz idatzitako lehen albistea traineru eta apustu jokoarekin zerikusia zuena izan zen. 1889a zen, eta San Juango patroiak edozein traineruri desafio egiten zion 2.500 pezeta jokatuz, “Desafioari erantzuna Pasaiako Pablo Camara jaunaren kafe jatetxera bidali beharko da” zioen garai hartako egunkariak.
Pasaiako kirol nagusia batez ere traineruen estropadak baitira. Garai bateko bizimoduan oinarritutako herri kirola, Euskal Herriko tradizioan ezaugarri diren apustu eta desafioekin. Bi Pasaiak, San Pedro eta San Juan, eta beraien artean duten norgehiagoka ikaragarriak arraunaren historian aipamen berezia merezi du. “Santos Pasajes de Remo” liburua historia horren isla egokia da eta batel pasaitarren garaipenen errepasoa egiten du.
Traineruen eta Casa Cámararen arteko harremana ospakizun eta omenaldiei lotuta dago. Hala, 1920ko menu karta bat gordetzen da, bertsoz idatzia eta traineru estropada baten ondoren San Juango arraunlariei egindako omenaldiarena.
Bertsotan egindako menua honako hau zen:
Al homenaje a los remeros
debe acudir San Juan entero.
Por venir Kiriko a popa
se comerá primero sopa.
En alto honor de la bandera
se servirá luego ternera.
También habrá después langosta
por el asombro de la costa.
Y la copa y las pesetas
celebradas con chuletas.
A Kiriko un Pater Noster
se rezará al comer el postre.
Y al chupar café y licores
vendrán los enterradores.
Para que no todo sea fiesta
vale el cubierto diez pesetas.
"Untar"
Hori da! ogia saltsan busti! Legatza saltsa berdean, txangurroa, barazki-menestra, bakailoa ajoarriero erara, itsaskiz betetako piper berdeak, onddo bricka foie eta sagarrarekin... Ez iezaiozu gantzuteari utzi, saltsa goxo batean ogia bustitzeari, ganben buruak zurrupatzeari, gure arrautza-natilak hurrupatzeari, eta otordu bikainez gozatu ondoren ezpainak milikatzeari. Kafea sakarinarekin eskatzeko denbora beti izango duzu.
Vivero
Jangelaren erdian dagoen haztegi naturala Casa Cámararen bereizgarrietako bat da. Egun, bakarra dago baina garai batean bi ere izan ziren bertan, otarrainak, miserak eta txirlak ondo baino hobeto kontserbatuz. Gogoratu behar da 1884koa dela jatetxea, eta garai hartan hozkailurik ez zenez Pablo Cámara fundatzaileak sortu zuen sistema hura bera dela gaur egun oraindik erabiltzen dena.
Welles
Balenciaga, Chillida, Alfonso XIII, Hitchcock, Berlanga, Montserrat Caballé, Bernardo Atxaga, Mikel Laboa, Susan Sarandon... dira besteak beste, Casa Cámaratik pasatako pertsona famatu batzuk; horietariko batzuek behin baino gehiagotan etorriak gainera, harremana sortuz bai familiarekin eta baita jatetxearekin ere. Orson Welles izan zen pertsona horietako bat eta argazkian ikus daitekeenez etxeko familiarekin jatea maite zuen. Izan ere, ez zuen inoiz jatetxeko jangelan bazkaldu.
XVII
Casa Cámara XVII. mendeko etxetzarra da, oinplano angeluzuzen oso estu eta sakona du, Jaizkibel menditik irteten da eta Pasaiako portuko uretaraino zabaltzen du bere bizitza osoko jangela.
XVII
Casa Cámara es una casona del siglo XVII con una planta rectangular muy estrecha y profunda, que sale del monte Jaizkibel y extiende su comedor de toda la vida hasta las aguas del puerto de Pasajes.
Yemas (gorringoak)
Gorringoan daude arrautzaren bitamina eta mineral nagusiak, elikagarririk baliotsuena eta jakina, baita gozoena da.
Egia da osasungarri izateaz gain arrautzaren gorringoa denon gustuko delizia dela, eta ezinbestekoa da gure errezeta klasiko askotan, gozo zein gazietan: arrain pastelal, hostoreak, kremak, zopak, flanak, budinak, natillak...
Zipli-zapla
Orain Casa Cámarara etorri eta bere historia liluragarrian murgildu, janariaz gozatu eta ingurua ezagutu besterik ez duzu. Dagoeneko uraren soinua entzun dezakezu… zipli-zapla, zipli-zapla.
Zure zain gaituzu!
Zambullirse
Ya sólo te queda venir a Casa Cámara y zambullirte en su apasionante historia, disfrutar de su comida y descubrir su entorno.
¡Te esperamos!